Arrantzarekin lotutako herriak beti bizi izan dira itsasoa begiztatzen, gau eta egun. Horretarako, muino naturalak baliatzen zituzten, talaiak izenekoak, eta haietatik itsasadarraren gaineko ikuseremua zabala zen, gure kasuan, Abrarena. Talaiaria zerumuga begiztatzeaz eta bere ikuseremuan gertatzen zenaren gaineko abisua emateaz arduratzen zen, eta, horrenbestez, oso eginkizun garrantzitsua zuen, bai arrantzarako baita zirkulazio komertzialerako eta itsasoan galdutakoak salbatzeko ere.
Portu Zaharreko talaia naturala Erriberamune da. Herrigunera igotzeko eskaileren amaieran dago eta egun arrantzale eta arrain-saltzaile baten eskulturek identifikatzen dute.
Mendeek aurrera egin ahala, talaia naturalak osatzeko azpiegiturak eta eraikinak egin ziren. Urteak pasatu ahala, beren hasierako eginkizuna dibertsifikatu zuten eta, sarritan, izaera militarreko gotorleku bihurtu ziren.
Lehenbizi Bizkaiko Jaurerriak eta ondoren Gaztelako Erresumak euren burua defendatzeko premia izan zutenez, Portu Zaharraren inguruetan kanoi bateriak eta gotorlekuak eraiki zituzten, eta haiek, neurri handi batean, San Nikolasko Marinelen Kofradiak ordaindu zituen edo haren diruarekin eraiki ziren.
Gotorleku horien adibide argiak dira, besteak beste, Arrigunagako karela, Usategiko bateria, Punta Begoñako gotorlekua eta, azkenik, “Printzearen gaztelua” edo Galeako gotorleku nagusia. Beraiek ezagutzera animatzen zaitugu!