Toki honetan portu bat zegoela adierazten duen lehen aipamena 1501ekoa da eta horrela ageri da Abrako badia zela-eta zenbait herrik zituzten eskumenengatiko liskar juridikoei dagokien dokumentu batean.
Lursailak eskas izateak eta XVIII. mendeko hedapen ekonomikoak eta demografikoak eragindako muturreko trinkotzeak bidea eman zuen hirigintza mota bati eusteko; hain zuzen, hirigintza horren ezaugarriak dira elkarren gainean metatuta dauden etxeak, kalexka estuak, eta bizilagunak ipar-mendebaldeko haizetik babesteko ate eta leiho ezin txikiagoak. Beste ezaugarri bereizgarri bat da eskailerak kanpoan izatea. Horrek ahalbidetzen du txikiak diren eraikinak solairutan azpizatitzea eta askotan, gainera, ezkereskuin.
Oraingo eraikin hau erreferentziazko gune publikoa da Portu Zaharrean: XVII mendearen lehen erdian, Nabigatzaileen Kofradiaren bilerak egin ziren bertan eta Lemarien Sozietatearen egoitza izan zen. Eta hemendik igarotzen zen goizero “txo”, ontzi-mutila: bera izaten zen arrantzarako txalupa bateko eskifaiako kide gazteena eta goiztiarrena, banan-banan, gainerako kideei deitzeko ardura baitzuen.
Udan bisitari ugari izatearen ondorioz, etxeko zerbitzuen eskaera handitu zen etxeetan, ostatuetan eta hoteletan; eta haietan neska gazteen talde bat aritzen zen, hartara, familiei laguntzeko.
Udatiarrek, gainera, kanpoko emakumeak behar izaten zituzten arropa garbitu eta lisatzeko, eta hori diruiturria zen Portuko emakume askorentzat (udako oporrekin lotutako diruiturria). Horrez gain, “sardina-saltzaileak” ospetsuak izaten ziren. Kaleetan eta herrietan zehar, portura iritsi berria zen arraina saltzen zuten, kalitatezkoa eta freskoa zela lau haizeetara zabalduz.