San Inazioko Gotorlekua 1640. urte inguruan eraiki zen eta bere kokapen estrategikoagatik eta kanoi-bateriagatik, Arrigunagako gotorleku txiki batekin eta Galeako Gotorlekuarekin batera, Abraren defentsa-gune nagusietako bat izan zen arerioen itsasontzien eta piraten erasoen aurrean.
1791. urtean Bilboko Kontsuletxeak komunikazio-sistemak hobetu zituen banderak jarriz zaindarien postuetan edo talaietan. Algortan Usategiko (usoen leku) gaina aukeratu zen eta gune gako bilakatuko zen Abraren zaintzarako eta komunikazioetarako banderen edo koloredun banderatxoen (gorria, zuria eta beltza) bitartez. Igorritako seinaleak Elorriaga mendian jaso eta handik Bilboko Areatzara helarazten ziren. Horrexegatik zen ezaguna lekua Banderen Plaza izenaz.
Gainera, Abrarako ikuspegi bikainak dituen leku horretan erromeriak egiten zituzten Algortako Kaiko herritarrek abuztuaren 12an, San Nikolas egunean.
Eta Bilboko Kaiko joan-etorrian dagoen itsas trafikoari erreparatuta, ezagut daitezke gure uretan nabigatzen duten hainbat itsasontzi mota: turismorako transatlantikoak, gas-itsasontziak, edukiontziak eramatekoak, belaontziak eta aisiarako yateak, solteko gaien itsasontziak, arrainontziak, ibilgailuak eramatekoak, dragatzeko ontziak, petrolio ontziak, etab.