Skip to main content
3

3. Omenaldia Gerrako Umeei

Ikusi mapan

2022ko Azaroaren 18an inauguratuta, neska eta mutila erbestera abiatu aurretik irudikatzen duen eskultura multzo honekin eta mosaikoarekin, (2006/10/10), Santurtziko Udalak bizirik mantendu nahi du herritarron gogoan gerraren izugarrikerietatik ihesean Bilboko portutik (Santurtzi) ebakuatu zituzten “gerrako umeak” izenaz ezagutu zirenen memoria. Historian lehenengo aldia izan zen, gatazka beliko bat tarteko, herritar zibilak, batez ere adin txikikoak, ebakuatu zituztena. Espedizio gehienak Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Laguntzarako arloak antolatu zituen 1937ko maiatza eta ekainean, ekainaren 13koa, berriz, Nazioarteko Laguntza Gorriak eta Sobiet Batasuneko alderdi komunistaren babespean egin zen.

 Faxistak Bizkaia erasotzen hasi ziren. Nazien Condor Legioak hainbat eta hainbat herri bonbardatu zituen, xedean inor bereizten ez zuela. Herri xehea zen helburua, herri osoa suntsitu eta herritarrak akabatu nahi zituzten, besterik ez. Gernikako bonbardaketak, 1937ko apirilaren 26an, eman zion herritar zibilen ebakuazio erraldoiari azken bultzada. Horretarako, ezinbestekoa zuten Brtania Handiaren eta Frantziaren laguntza, armada faxista proiektu horren aurka agertu zen eta. Frantziak errefuxiatuak bere lurraldean hartzeko konpromisoa hartu zuen eta armada britaniarrak espedizioak itsasaldian laguntzekoa. Potentzia bien babesak eta Royal Navy-aren inplikazio aktiboak agintari faxisten haserrea piztu zuten, atzerriko herrialdeen esku-hartzea injerentziatzat hartu zuten eta. Ez zeuden inola ere horrelakorik onartzeko prest. Are gehiago, Bilboko portutik, Santurtzitik, errefuxiatuak eramateko ateratzen ziren itsasontziak hondoratzearekin mehatxatu zuten.

 Euzkadiko Gobernuak espedizioetarako Habana transatlantikoa erabili zuen, zeina itsasontzi-ospitale bihurtzeko asmoz konfiskatu zuten. Bandera errepublikanoa, britaniarra edo frantziarra zuten beste merkataritza-ontzi batzuek ere herritarrak ebakuatzen lagundu zuten. Eta horiek ez ezik, Goizeko Izarra, Ramon de la Sotaren laket ontzia, erabili zen errefuxiatuak ateratzeko. Espedizio hauen helmuga-portuak Pauillac, Bordeletik gertu, eta La Pallicetik, Arroxelan, ziren. Donibane Lohizune eta Baiona larrialdietarako laga zituzten.

Maiatzaren 9an bezperan hainbat tona elikagaiz zamatuta etorri ziren hiru merkataritza-ontzi frantziar (Carimaren, Châteu-Palmer eta Margaux) euren herrialdera aldera itzuli ziren 2.000 ebakuatu zeramatzatela, denak etxe oneko seme-alabak, bidaia eurak ordainduta. Maiatzaren 21ean Santurtzitik Britania Handirantz abiatu zen ontzi bakarra itsasoratu zen 3.961 adin txikiko zeramatzala, Habana ontzia zen. Ekainaren lehenean eta 6an, frontea ia Bilbon zegoela, Habana ontziak 3.728 eta 4.251 lagun ebakuatu zituen hurrenez hurren. Ekainaren 10 eta 13an Goizeko Izarrak Gorlizko Ospitalean ingresatuta zeuden 270 adin txikiko ebakuatu zituen. Eta hilaren 13an egin zen ebakuazio jendetsuena. Egun horretan Habana ontziak 4.500 adin txikiko eraman zituen Arroxelara; han 1.500 lagun Sontay bapore frantziarrean itsasoratu ziren berriro Sobiet Batasunerako bidean. Handik aste batera Leningradora heldu ziren.

Santurtziarron memorian Ciscar eta Jose Luis Diez destruktore errepublikanoek ekainaren 15ean egindako ihesaldia ere geratu da. Jose Luis Diezek hain denbora luze eman zuen portuan atrakatuta, ezen santurtziarrek Pepe portukoa deitzen zioten.

Honako koadro honetan modu eskematikoan adierazten da Santurtziko portutik abiatutako ebakuazioen nondik norako nagusiak, faxistak Bizkaia erasotzen hasi eta Bilbo erori zen arte ekainaren 19an.

 

Homenaje a los niños y niñas de la guerra

Itzuli aurkibidera