Skip to main content
14

16. Itsasoko Ama Parrokia

Ikusi mapan

Mamarigako zaindaria den Itsasoko Amaren aldeko parrokia, Santurtziko itsas auzoan.

XVI. mendearen erdialderako Mamarigan Santa Olaiari (Eulalia) eskainitako baseliza bat zegoen, talaia baten gainean. Oso leku berezia zen, itsas-gizonek urrutitik ikus zezaketelako baseliza. Horregatik, hainbat nabigazio-kartatan Santurtzi izenaren ordez, Mamariga agertzen da.

Herriko tradizioaren arabera, 1600. urte-aldera itsasoko harkaitzetan ama birjinaren irudi bat aurkitu zen, baselizara eraman zuten eta izena aldatu zioten tokiari, ordura arte Santa Olaia zenari Itsasoko Ama deitzen hasi zitzaion eta.

Mamarigako baseliza zaharberritu eta handitu egin zuten behin baino gehiagotan zenbait urtez, baina XX. mendearen hasierarako guztiz hondatuta zegoenez, berria egitea erabaki zen. Horiek horrela, 1903an baseliza berri hau eraikitzen hasi ziren, Francisco Berriozabalen lana, harlanduzko harriz, nabe bakarrekoa eta estilo neogotikokoa. Oso fatxada nabaria du. Hiru kale ditu. Nagusia (erdikoa) apaingarri gehien duena da, zutabe korintoarretan eutsitako arku zorrotz bat, bi arrosa-leiho eta kanpandorrea baitaude bertan.

50eko hamarkadaren erdi-aldera baseliza parrokia bihurtu zen auzoa hazi egin zelako. Garai hartan alboko fatxadei bi zati gehitu zitzaizkien, sakristia eta parrokia-gelak, eliza handituz. 

Barruko aldean estilo neogotikoko erretaula ikusgarria da. Hor Itsasoko Amaren irudia dago, alboetan Jesusen Bihotza eta San Jose dituela. Erretaularen beheko aldean 1906an egindako erliebe bat dago, agerpenaren eszena irudikatuta duela.

Itzuli aurkibidera