Eskorbuto euskal punk musikaren erreferentea izan zen eta bere letrak garaiko inkonformismo sozialaren isla ziren. Talde hau Santurtzin sortu zen 1980an eta Iosu Expositok gitarran, Juanma Suarezek baxuan eta abeslari nagusi gisa eta Pako Galanek baterian osatzen zuten.
Santurtzin gure herriko musika banda horren omenez egin diren bi artelan ikus ditzakegu: eskultura eta mosaiko bana. Gainera, Santurtziko hilerria, non Iosu Expositoren hilobia dagoen, erromesaldi gune bihurtu da punkaren jarraitzaileentzat.
Jon Mao Luengok 2019an sortu zuen mosaikoa Eskorbuto punk talde santurtziarrari egindako omenaldia da. Mosaikoan taldeko hiru kideak agertzen dira, beren nortasunak islatu nahi dituzten jarrerekin. Kolorearen aukeraketa ez da arbitrarioa, artistak zuri-beltza erabili baitzuen talde honen indarra, errebeldia eta inkonformismoa transmititzeko. Gainera, kolore eta testuren arteko tentsioa ere sortzen du: taldekideen akabera matearen distirak kontraste egiten du hondo degradatu gorri distiratsuarekin.
Mosaikoan, taldearen abestiei edo diskoei erreferentzia egiten dieten hainbat animalia ikus ditzakegu. Arratoiek “Ratas de Bizkaia” abestiari egiten diote erreferentzia, eta beleek jatorrizko bandaren hamar LPak eta singleak irudikatzen dituzte. Albo batean taldearen izena agertzen da, baita "Anti todo" hitza ere, bere disko eta abestiari erreferentzia eginez.
Juan José Eguizabalek 2008an egin zuen eskultura Eskorbutoren gitarra-jotzaile eta abeslaria zen Iosu Expósito Lópezi egindako omenaldia da. Eskultura ez da Iosuren erretratu bat. Harrizko plaka batetik punk baten busto bat eta ukabila altxatuta duen beso bat ateratzen dira, errebeldia gisa. Plakan, taldearen "Anti todo” abesti ospetsuaren esaldi bat irakur dezakegu: «Nada más nacer comienzan a corrompernos».