Laida hondartzako aparkalekutik Laga hondartzako sarreraraino iristen da tarte hau. Zenbait tokitan kontuz ibiltzea gomendatzen dugu, bi tarte laburretan galtzadatik ibili behar delako eta beste tarte batzuetan ez dagoelako hesirik errepidetik edo hegaletik banantzeko.
Ibilbide osoa da aldapan gora edo aldapan behera, zer aparkalekutatik hasi gorabehera; malda % 6 ingurukoa da, eta, tokiren batean, % 10ekoa.
Bidearen zatirik handienak zoru asfaltatua dauka, baina zati batzuetan egurrezko langak daude. 1,5 metroko zabalera dauka, eta, zatirik handienean, bazter-babesak daude.
Bi tarte arriskutsu markatu ditugu, galtzadatik ibili behar baita eta batean ikuspena ez baita ona.
Atsedenlekuak hasieran (Laida hondartzatik hurbil) eta amaieran (Laga hondartzaren gainean) daude.
Tabernak edo jatetxeak daude tartearen hasieran eta amaieran.
Udako denboraldian, komun publikoak egoten dira ibilbidearen hasieran eta amaieran.
- - - DESKRIBAPEN XEHEA IRUDIEKIN - - -
Paseo hau egiteko, Laidan aparkatzea gomendatzen dugu. Espaloiaren zintarria saihestuko dugu, ibilgailuak aparkalekura sartzeko sarreratik joanda.
Paseora iristeko, baldin eta eskailerak edo arrapala labur baina handiak igo ezin baditugu (mapan, arrosaz adierazi ditugu tarteok, bidezidor gisa), galtzadatik joan beharko dugu.
Tarte honi arriskuaren triangelua jarri diogu mapan, BI-3234 errepidetik ibili behar delako eta ez dagoelako abiadura murriztea edo oinezkoengatik kontuz ibiltzea gomendatzen duen seinalerik. Tentuz ibili.
% 6 inguruko maldak dira, batzuetan % 10era iristen direnak.
Bidearen zatirik handienak 1,5 metroko zabalera dauka, eta bazterbide zaharretik doa; gainera, bazter-babes batek bereizten du errepidetik. Noizean behin, hesirik gabeko zatiak daude, 4 eta 15 metro artekoak. Itsasotik hurbil dagoen bide tarteak baranda dauka zatirik handienean; halere, malda pixka bat duten tarte batzuetan, ez dago halakorik.
Bidearen erdian, zati batean, espaloia 0,50 metrokoa da, eta beheratu gabe dago; beste zati batean, berriz, ez dago espaloirik. Berriro ere, BI-3234 errepidetik ibili behar da, eta ez dago abiadura murriztea edo oinezkoengatik kontuz ibiltzea gomendatzen duen seinalerik. Mapan, arriskuaren triangelua jarri diogu. Tentuz ibili.
Ibilbide honetan, atsedenlekuak Laga hondartzaren gainean baino ez daude: horko behatokietan, itsaslabarretik banantzeko hormatxoan har daiteke atseden. Ez dago bankurik.
Azkenik, Laga hondartzara iristeko, % 14ko malda bat dago, espaloirik gabea, baina hondartzako aparkalekura soilik iristen den errepidea da; hortaz, autoak motel joaten dira.

Autobus-geralekua inguratzen duen bidezidor bat dago; eskailerak dauzka, 17 eta 18 mailatako bi tartetan.