Gure galaxian gasezko eta hautsezko hodei handiak daude. Dentsitatea handiagoa den eremuetan, materiala trinkotzen hasiko da eta gero eta nukleo trinkoagoa duen eta erreakzio nuklearrak eragiten dituzten presio handiko protoizar bat sortuko du. Erreakzio horiek egonkortu egingo dira eta izarra milioika urtez “bizi” ahal izango da nolabaiteko orekarekin.
Beti sortzen al dira planetak izar baten inguruan? Erantzuna da oraindik ez dakigula. Badakigu, ordea, planeten eraketa oso ohikoa dela gure galaxian eta, oro har, prozesu hori hiru fasetan deskriba daitekeela.
Mahai erdian proiektatutako ikus-entzunezkoan ikus daitezke hiru faseak. Mahaia inguratuz joaten bazara, 1, 2 eta 3 zenbakiekin markatutako azalpenak ikus ditzakezu. Gainera, etapa bakoitzaren testura ikusi ahal izango duzu osagai nagusiaren ideia ematen duen 3D inprimaketa baten bidez: gasa edo hautsa.
Proiektu hau Núcleo Milenio de Formación Planetaria (NPF) zentroak egin du Txilen.
1. fasea
Izarrak bera sortu den hodeitik materiala hartzen duen bitartean, inguruan material bereko disko bat osatzen da, % 99 gasa eta % 1 hautsa dituena. Izarrak osatzen jarraitzen duen heinean, baina irradiatzen hasten denean, diskoko materiala bultzatzen du, kanporatuz. Horregatik, diskoaren kanpoaldea handiagoa da.
Ondo erreparatzen badiozu, diskoaren testura leuna eta mardula da, batez ere gasez osatuta dagoelako.
2. fasea
Oso milioi urte gutxitan, erdiguneko barrunbea handiagoa egin da eta gasezko diskoa zatitu, ildo berri bat utziz. Hautsak pikorrak sortzen dituela da horren arrazoia. Grabitatearen eraginez, pikorrek talka egiten dute elkarren artean eta gero eta gorputz handiagoak sortzen dituzte. Gorputz horietakoren bati masa hazten bazaio planeta bihurtu arte, orduan ildo berri hau sortzen da.
3. fasea
Izarraren inguruko gasa desegin egin da, eta harri-hondarrez eta hautsez osatutako bi gerriko utzi ditu. Gure eguzki-sisteman, urrunenekoa Kuiper gerrikoa da, eta gerrikoan dauden hondakinak izoztuta daude. Hortik sortzen dira kometak, eguzkitik hurbil pasatzen direnean beren gas-isatsekin txunditzen gaituztenak.
Besteak erradio txikiagoa du eta izarretik hurbilago dago, asteroide-gerriko gisa ezagutzen da.
Gure eguzki-sisteman, bi gerriko horien artean bizi dira planeta erraldoiak.Gas-masa handiak metatu ahal izan zituzten eratu zirenean, hain zuzen ere diskoa osagai horretan aberatsa zenean. Asteroide-gerrikoaren eta izarraren artean planeta harritsuak daude eta, horien artean, gure etxea.
Horrela eratu zen gure eguzki-sistema duela 4.600 milioi urte.
Mahaiari bira osoa eman ondoren, hasierako geralekura iritsiko zara berriro. Itzuli mahaira iritsi zaren ibilbide beretik eguzki-sistemako planetei buruz gehiago jakin nahi baduzu, esaterako, haien tamaina, osaera eta testura.