Skip to main content

6B. Ilargia

Ilargia da gure planetaren satelite natural bakarra, eta eguzki-sistemako bosgarren handiena. Talka Handiaren Hipotesia da bere sorrera azaltzeko hipotesirik onartuena. Hipotesi horren arabera, Marteren tamainako Theia izeneko protoplaneta batek talka egin zuen Lurrarekin duela 4.500 milioi urte. Talkaren ondorioz, zatiki-hodei handi bat sortu zen. Lurraren grabitateak zatikien parte bat harrapatu zuen, baina horietako asko inguruan orbitatzen geratu ziren eta milioika urtez fusionatzen joan ziren, gaur egun Ilargia esaten diogun satelite naturala osatu arte.

 

Uste da, hasieran, Ilargia Lurretik askoz hurbilago zegoela eta denbora igaro ahala urruntzen joan dela. Gaur egun badakigu Ilargia urtean 3,8 zentimetro inguruko erritmoan urruntzen dela Lurretik. 

 

Ilargiaren diametroa lurraren laurden bat da, gutxi gorabehera, eta haren grabitatea askoz txikiagoa da: 53 kiloko pertsona batek 9 kilo pisatuko luke Ilargian. 

 

Grabitatea ahulegia da gasezko mantu bati eusteko eta, horregatik, Ilargiak ez du ia atmosferarik. Horrek erraztu egiten du edozein arroka espazialek bere gainazalean talka egitea, ez delako desintegratzen atmosfera zeharkatzean, Lurrean gertatzen den bezala. Gainazalean talka egitean, krater bat sortzen du, oholtzan aurkituko duzun 3D inprimaketan ikus daitekeena bezalakoa. Ilargi-kraterrek bitxikeria bat dute: Lurrean talka egiten duten kraterren kasuan ez bezala, haien arrastoa bere horretan geratzen da, urak edo haizeak eragindako higadurarik ez dagoelako.

 

Oholtza gainean dagoen esferan Ilargiaren geologiaren errepresentazio xehatua eskuekin ukitzera gonbidatzen zaitugu. Bere gainazalean mendiak, mendikateak edo lehen geografoek urarekin nahastu zituzten eta harrezkero itsaso esaten zaien eskualde ilunak ikus daitezke. Horien artean daude Baretasunaren Itsasoa, Lasaitasunaren Itsasoa, Ugalkortasunaren Itsasoa, Krisiaren Itsasoa, Euriaren Itsasoa, edo Ekaitzen Ozeano erraldoia.

 

Ilargi beteko egunetan gure satelitea arretaz behatzen baduzu, konturatuko zara beti aurpegi bera erakusten duela: Lurraren eta Ilargiaren arteko grabitate-indarrek Ilargiaren errotazioa geldiarazi dutelako gertatzen da hori eta, horregatik, denbora bera behar du bere ardatzaren inguruan eta Lurraren inguruan bira bat emateko, 28 egun inguru. 



Hauxe da Lurraren, Ilargiaren eta Eguzkiaren arteko grabitate-sistema konplexuaren ondorioetako bat: Lurreko ura pixka bat desplazatzen dela eta, ondorioz, itsasaldiak sortzen direla.

 

Eredu horiek Medellingo (Kolonbia) Planetarioak eta Explora Parkeak garatu dituzte, Giant Magellan Telescope eta Nazioarteko Astronomia Batasunaren laguntzarekin.

Itzuli aurkibidera