Donostia International Physics Center (DIPC) unibertsoko partikula txikienekin zerikusia duten bi proiektu ari da garatzen.
1.Neutrinoei segika, miniatura-detektagailuekin: nuESS
Neutrinoak ezagutzen ditugun partikularik zailenak dira behatzeko. Hala ere, badago prozesu bat, neutrinoen eta atomoen nukleoaren arteko interakzio koherente gisa ezagutzen dena eta neutrinoak detektatzeko probabilitatea handitzen duena. Interakzio hori behatzeko, energia oso baxuko detektagailu berriak behar dira. Detektagailuok DIPC-n ari dira garatzen. Interakzio horiek neurtzeak aukera emango digu neutrinoak hobeto ulertzeko, partikulen fisikaren alderdi berriak eta horiek kosmosaren bilakaeran duten rola esploratzeko.
2. Unibertsoaren jatorria argitzen: NEXT proiektua
Unibertsoaren jatorria aztertzen dutenentzat, erantzunik gabeko galdera bat da zergatik egin zen hautua materiaren alde. Aurreikuspenen arabera, materia eta antimateria kantitate bera sortuko zen unibertsoaren hasieran. Hala, espero izatekoa zen materiak eta antimateriak elkar deuseztatuko zutela. Baina ez zen horrela gertatu: horren erakusgarri da inguratzen gaituen unibertsoa.
NEXT proiektuak galdera honi erantzun nahi dio neutrinoa bere antipartikula den eta, ondorioz, materia-antimateria asimetriaren jatorrian gakoa den ala ez jakiteko.
Gehiago jakin nahi baduzu, Canfranceko Lurpeko Laborategian (LSC) egiten den NEXT proiektuari buruzko ikus-entzunezko bat eta instalazio artistiko bat ikustera gonbidatzen zaitugu. Proiektu horren helburua neutrinorik gabeko beta desintegrazio bikoitza izeneko erreakzioa detektatzeko sistema berritzaileak garatzea da.
Koadroak berdetik urdinera bitarteko kolore-aldaketen irudikapen bat erakusten du, hain zuzen ere, bario-atomo bat desintegratzean sortzen diren molekula berriena. Molekula horiek aukera emango dute neutrinoaren izaera berezia eta materiak unibertsoan duen jatorria ezkutatzen dituen atea irekitzeko. Zenba dezakezu koadroan harrapatuta dauden bario-atomoen kopurua?