Skip to main content

11B. Materia iluna eta kosmologia. Ikus-entzunezko

Inguratzen gaituen unibertsoa behatzen dugunean, gure galaxiatik – Esne Bidea – haratago, beste milaka milioi galaxiaz beteta dagoela ikusten dugu.

Galaxia horiek askotarikoak dira: horietako batzuk gurea baino milaka aldiz handiagoak dira. Beste batzuk askoz txikiagoak dira. Esferikoak eta kiribilak daude, eta kolore askotarikoak, osatzen dituzten izarren adinaren arabera. 

Orain unibertso birtual batean goaz hegan, eta horrek erakusten digu galaxiak ez daudela ausaz banatuta kosmosean eta "amaraun kosmiko" handi baten parte direla. Amaraun horretan, ia hutsik dauden eremu zabalak daude eta beste batzuetan galaxiak pilatzen dira. 

Zergatik da unibertsoa den bezalakoa eta ez beste era batekoa? Ordenagailuetan unibertsoak sortuz, inguratzen gaituen unibertsoa uler dezakegu: bere jatorria eta etorkizuna, bai eta gobernatzen duten naturaren legeak ere.

 

Behatzen ditugun galaxiak unibertsoko materiaren zati txiki bat baino ez dira. Materia gehiena ikusezina da eta materia iluna” esaten diogu. 

Zuzenean behatu ezin dugun arren, bere grabitatearen eragina galaxietan, izarretan eta inguratzen duen argian neurtzen dugu.  

Orain, segundoko 100 milioi argi-urte baino gehiagoko abiaduran goaz hegan materia ilunean zehar, unibertso simulatu batean. 

Unibertso birtual hori munduko superordenagailu handienetako batean sortu zen eta mahaigaineko ordenagailu arrunt baten 30 urteko kalkuluen baliokidea behar izan zen.

Simulazio horiek erakusten digute galaxiak materia iluna trinkoagoa den eremuetan sortu eta garatzen direla, eta haien ezaugarriak ere inguratzen dituen materia ilunaren araberakoak direla.

 

Unibertso simulatuetan unibertsoaren egungo egoera iragar dezakegu eta birtualki ikus dezakegu nolakoa izan zen haren jatorria. 

Big Bang gertatu eta gutxira, materia iluna modu homogeneo samarrean banatuta zegoen unibertsoan. 

Hala ere, ehunka milioi urtetan zehar, materia iluneko egitura txikiak elkar erakartzen joan ziren grabitatearen indarrari esker. Hala, materia iluna gero eta eremu trinkoagoetan kontzentratzen joan da, lehen galaxiak sortzen hasi ziren eremuetan. 

Denborak aurrera egin ahala, materia iluneko egitura horiek bata bestearekin bat egiten joan ziren, etengabe hazten joan ziren eta milaka galaxia hartzera iritsi ziren.

 

Baina, zer da materia iluna? Oraindik ez dakigu, baina simulazio kosmologikoek teoria desberdinak probatzen laguntzen digute.

Simulazio batean, grabitatearen legea edo materia ilunaren mota alda dezakegu, eta galaxien banaketak unibertsoan zer eragin izango lukeen bistaratu.

Adibidez, bideoaren goiko aldean, materia iluna partikula-mota oso astun bati dagokion agertoki bat ikusten da. Behealdean, materia iluna oso arina den beste agertoki bat dago. Hori dela eta, unibertsoa askoz homogeneoagoa da eta ez du egitura txikirik. Iragarpen horiek eskuan hartuta, unibertso birtuala unibertso errealaren behaketekin konpara dezakegu, eta aukera zuzena zein den zehaztu.

Behaketak eta superordenagailuak konbinatuz, unibertsoaren izaera, jatorria eta bilakaera deszifratzen saiatzen gara eta, azken batean, kosmosean dugun lekua pixka bat hobeto ulertzen.

Itzuli aurkibidera