Skip to main content

13. Zeru-sabaia

Zeru izartsuak beti inspiratu izan du giza irudimena. Mesopotamia, Babilonia, Egipto, Grezia eta Ameriketako antzinako kulturek izar-multzoei izenak jarri zizkieten euren heroi eta jainko mitologikoen omenez. Irudizko lerro bidez lotutako izar distiratsuen multzo horiek, asterismo deritze, eta konstelazio modernoen jatorria dira.

 

Zerua irudimenezko esfera bat bezala antolatzen da Lurraren inguruan eta zeru-sabaia esaten zaio. 1928 eta 1930 bitartean, Nazioarteko Astronomia Batasunak 88 eskualde edo konstelaziotan banatu zuen zeru-sabaia. Konstelazio bakoitzaren barruan izarrak, nebulosak eta zeru sakoneko beste objektu batzuk daude. Gure ikuspuntutik dena distantzia berera dagoela dirudien arren, izarrarteko bidaia batean konturatuko ginateke izarren arteko distantziak ikaragarriak direla eta batzuk hurbilago eta besteak urrunago daudela. Ezagutzen ditugun konstelazioak konfigurazio arbitrarioak dira, gure ikuspuntutik, hau da, eguzki-sistematik, horrela ikusten direnak. Galaxiako beste puntu batetik ez lirateke berdin ikusiko.

 

Ikusten dugun gaueko zeruaren zatia gure kokapen geografikoaren araberakoa da, eta konstelazio ikusgarrien mapa hilero aldatzen da. Adibidez, Euskal Herritik, urtarrilean Orion, Geminis eta Tauro ikusiko ditugu, eta urrian Pertseoren legenda osatzen duen multzoa: Kasiopea, Zefeo, Andromeda, Pertseo, Pegaso eta Balea.

 

Eta orain zeru izartsu honen azpian paseatzera gonbidatzen zaitugu. Ipar hemisferioko hiru konstelazio ezagunenak aurkituko dituzu: Hartz Nagusia, Herkules eta Kasiopea. Baina horiek ikusi ahal izateko, "espazioan bidaiatu" beharko duzu, behar bezala bistaratzen diren puntu bakarrean kokatu arte.

Itzuli aurkibidera