Santurtzi Bizkaiko Zubitik oso hurbil dago. Bizkaiko Zubia munduko transbordadore-zubirik zaharrena da, eta UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen 2006an.
Zubi horretara Victoria Erregina itsas pasealekutik irits daiteke. Ibilbide atsegin horretan, Abrako Badiako bista ikusgarriaz gozatuko dugu. Gure bidean, kirol portua, kiroldegia, Eskulturen Museoa eta Oriol jauregi dotorea ere ikusiko ditugu. Bidean, Agurtza Itsasontzia bisita egiteko aukera izango dugu.
Gure kostaldeko baxurako arrantza-ontzien egiazko modelo hori Lekeitioko Murelaga Ontziolan eraikitakoa da. Ontzi hori hogei urtetik gora ibili da lanean –XX. mendearen bigarren erdian- Kantauri itsasoan. Denbora tarte horretan, gure kostaldeetara iristen diren urek izandako oparotasunaren lekuko izan da. Hegaluzeaz gain, sardinak, berdelak, txitxarroak eta antxoak sartu dira itsasontziaren egurrezko erraietan. Orain, zeuk ezagutu dezakezu gure arrantzaleen mundua, gure ondarearen altxorretako bat den eta Santurtziko kaian hain ugariak izan ziren ontzi haien adibide den itsasontzi honetan barneratuta. Murgil zaitez Agurtzan!
Ia konturatu ere egin gabe, Portugalete hiribilduan sartuko gara, eta hor dago, hain zuzen ere, "Bizkaiko Zubi" ospetsua. Berealdiko obra hori 1893. urtean eraiki zuen Alberto de Palacio arkitektoak, Gustave Eiffel-en ikasle izan zenak. Ibaiaren bi ertzak batzeko egin zuen, baina itsasontziei bidea oztopatu barik. Horia dela-eta, 63 metro garai da. Bizkaiko Zubiko ontzitxoak minutu gutxi batzuen buruan ibaiaren beste aldera eramango gaitu. Beste aukera bat da gora-goraino igotzea igogailu panoramikoa erabilita. Horrela, egurrezko pasabidera iritsiko gara eta, horren bidez, zubia alde batetik bestera gurutzatu ahal izango dugu, goi-goitik, bista bereziaz gozatuz.