Burdinbidea funtsezko elementua izan zen siderurgietan, lehengaiak, besteak beste burdina, garraiatzeko aukera ematen zuelako. Hori dela-eta Bizkaiko Labe Garaiena (BLG) izan zen Estatuan trenbide-sare handienetako bat izan zuen kokalekua.
Industria-iraultzak siderurgia ekarri zuen Euskadira. Izan ere, 1882an “Altos Hornos y Fábricas de Hierro y Acero de Bilbao” eta “Sociedad Anónima La Vizcaya” sortu ziren Barakaldon eta Sestaon hurrenez hurren. Handik gutxira, 1887an, beste bat gehitu zitzaien zerrendara, Sestaoko “La Iberia”. Eskualde horretan jarduera hain zen handia, non ezinbestekoa izan zen trenbidea eraikitzea, lantegiak eta meategiak lotzeko bide sendoa behar zen eta.
1902an hiru siderurgia-enpresa horien batuketak “Bizkaiko Labe Garaien Sozietatea” sortzea ekarri zuen.
Handik hamarkada batera, 1913an, BLGk Alemaniako Borsig enpresari lokomotor bi erosi zizkion Sestao eta Galdames lotzen zituen sarerako, hantxe hornitzen baitziren burdina eta kareharrizko mineralez, lantegietara eramateko. Hogeiko hamarkadan BLG hedatu egin zenez, trenbide-sarea hobetzeko bidean jarri behar izan zuten ezinbestez. Horiek horrela, 1921ean beste lau lokomotora erosi zizkioten Alemaniako enpresa berberari.
Unitate berriak ez ezik, lizentzia eta planoak ere eskuratu zituzten, eta honek aukera eman zien euren instalazioetan lokomotor-eredu berbera eraikitzen jarraitzeko. Horrela, 133 zaldi-potentziako Borsig lokomotorren diseinuari jarraituz, 30 bat unitate fabrikatu ziren.
Tren-makina txikiak ziren, haien neurriei esker, fabriketako barru aldeko trenbideetako bihurgune itxietatik ere ibil zitezkeenak.
50eko hamarkadarekin batera diesel lokomotorrak ezagutu zituzten, eta 70eko hamarkadatik haratago iraun zuten arren, lurrunezkoak erabiltzen jarraitu zuten. Santurtzin daukaguna horrelakoxea da, eta 1983ko maiatzaren 31ra arte egon zen lanean prestu-prestu.