"STROM - Astronomia Inklusiboa" erakusketak unibertsoan murgiltzera gonbidatzen gaitu bidaia didaktiko, interaktibo, multisentsorial eta inklusibo baten bidez. Astronomiari buruzko oinarrizko kontzeptu batzuk eta astrofisikaren arloan egiten den mugako ikerketa ezagutu ahal izango ditugu erakusketan.
"STROM - Astronomia Inklusiboa" Donostia International Physics Center (DIPC) zentroaren ekimena da eta Passion for Knowledge Jaialdiaren esparruan sortu zena. Jaialdiaren printzipioak mugako ikerketa zientifikoa eta dibulgazio bikaina dira.
Erakusketaren helburu nagusietako bat irisgarritasuna bermatzea da, hau da, desgaitasuna duten pertsonei oztopoak kentzea, bereziki ikusteko edo entzuteko desgaitasuna edo gorputz-desgaitasuna dutenei. Erakusketa honetako material inklusiboak desgaitasunen bat duten kolektiboekin lan egiten duten erakunde eta profesionalen aholkularitzarekin sortu dira.
Erakusketa bi aretotan banatuta dago: bata gure eguzki-sistemari eskainia, eta bestea unibertso ezagunaren mugak aztertzen dituena.
Lehen aretoan, gu gauden honetan, eguzki-sistema eratzeko prozesua ezagutuko dugu, baita gure inguruko planeten konposizioa, eskala eta haien arteko distantziak ere. Planeta-mota desberdinen testura ere sumatuko dugu, Lurraren eta Ilargiaren arteko benetako distantzia asmatu beharko dugu, eta areto honetan nagusi den 3.3 metroko diametroko esfera handi baten bidez irudikatutako Eguzkiaren geruza desberdinen soinuak entzungo ditugu. Sabaian zintzilik dauden planetak txikiak iruditzen zaizkizu erdian distira egiten ari den eguzkiaren tamainarekin alderatuta? Jakin ezazu bada, Eguzkia bere tamaina erlatiboaren heren batera murriztu behar izan dugula aretoan sartzeko.
Ibilbideari hasiera eman aurretik, erakusketan erabilitako irisgarritasun-sistemak ezagutzeko tartetxo bat hartzea gomendatzen dizugu. Azalpen-panel bakoitzaren aurrean, ukipen-panel batek gure kokapenari buruzko oinarrizko informazioa ematen du Braille sisteman. Erliebezko QR kode batzuek eremu bakoitzari buruzko informazioa zabaltzen duen ikusizko eta entzunezko audiogida baterako sarbidea ematen digute. Audiogida euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago. Audiogida erabiltzeko, jarri zure mugikorreko edo gailu elektronikoko kamera QR kodera begira, sakatu pantailan agertzen den estekan, aukeratu hizkuntza eta, ondoren, aukeratu ikusizko edo entzunezko audiogida.
Ibilbidea erliebezko gidek eta lurzoruko ohar pododaktilek markatzen dute eta horiek gidatuko zaituzte eremu guztietan, sarreratik irteeraraino.
Erakusketak ez du gurpil-aulkiarekin sartzea eta ibiltzea eragotzi dezakeen oztopo fisikorik. Behar izanez gero, aretoan badago gurpil-aulki bat.
Esperientziaz gozatzea opa dizugu.