Ongi etorri ‘STROM - Astronomia inklusibo’-ra. Erakusketa honen helburu nagusietako bat irisgarritasuna bermatzea da, hau da, desgaitasuna duten pertsonenei oztopoak kentzea, bereziki ikusmen-, entzumen- edo gorputz-desgaitasuna dutenenei. Erakusketa honetako material inklusiboak desgaitasunen bat duten kolektiboekin lan egiten duten erakunde eta profesionalen aholkularitzarekin sortu dira.
Ibilbideari hasiera eman aurretik, gomendagarria da une batez erakusketan erabilitako irisgarritasun-sistemak ezagutzea. Azalpen-panel bakoitzaren aurrean, ukipen-panel batek non gauden adierazten duen oinarrizko informazioa erakusten du Braillez. Erliebezko QR kodeek ikusizko eta entzunezko audiogida baterako sarbidea ematen digute. Audiogida horrek eremu bakoitzari buruzko informazioa zabaltzen du eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez dago eskuragarri, eta erraz irakurtzeko moduan. Audiogidara sartzeko, jarri zure mugikorreko edo gailu elektronikoko kamera QR kodera begira, sakatu pantailan agertzen den estekan, hautatu hizkuntza eta, jarraian, aukeratu ikusizko edo entzunezko audiogida.
Panel honen ondoan, erakusketako bi aretoen ukipen-mapa bat aurkituko duzu.
Ibilbidea erliebezko gidek eta lurrean dauden ohar podotaktilek markatzen dute, eta horiek gidatuko zaituzte eremu bakoitzean sarreratik irteeraraino.
Maparen aurrean bazaude, lehenengo aretoak laukizuzen forma duela ikusiko duzu. Areto hori gure eguzki-sistemari eskainita dago. Planeten formazioari, osaerari eta planeten arteko eskalari eta distantziei eskainitako espazioak erakusten dira. Halaber, planeta-mota desberdinen testura sentituko dugu, Lurraren eta Ilargiaren arteko benetako distantzia asmatu beharko dugu, eta Eguzkiaren geruzen soinuak entzungo ditugu, aretoan nagusi den 3.3 metroko diametroko esfera handi baten bidez irudikatua. Esferaren inguruan eguzki-sistemako planetak daude zintzilikatuta.
Bigarren aretoa unibertso ezagunaren mugak esploratzera gonbidatzen gaitu. Kosmologiari eta astropartikulei buruz egiten ari diren hainbat proiektu erakusten dira: galaxien jatorria, materia iluna, neutrinoak, zulo beltz bat eta zeru-gangako konstelazioak.
Erakusketak ez du gurpil-aulkiarekin sartzea eta ibiltzea oztopa dezakeen oztopo fisikorik. Behar izanez gero, aretoan gurpil-aulki bat dago.
Erakusketa hasi ahal izateko, biratu ezkerrera eta jarraitu gida podotaktilari, ibilbideko 1. puntura iritsi arte. Ibilbideko puntu bakoitzean QR bat duen ukipen-kartel bat aurkituko duzu, instalazio bakoitzari buruzko informazioa eskuratzeko aukera emango dizuna.
Esperientziaz gozatzea opa dizugu.