Honako hau da zientziarentzako funtsezko gaietako bat: Zein da unibertsoaren jatorria? Eta zein izan daiteke bere helmuga? Erantzuna handienerantz eta, aldi berean, txikienerantz begiratuz bilatu behar da. Alde batetik, kosmologiak aukera ematen digu eskala handiak aztertzeko, galaxiak nola banatzen diren ikusteko eta, Big Bang-aren ondoren, unibertsoa nola eratu den eta bere helmuga zein izan daitekeen ikusteko. Beste muturrean, oinarrizko partikulen eta neutrinoen mikroeskalak kosmosaren funtzionamenduari buruzko beste pista batzuk ematen dizkigu. Horregatik dira bi diziplinak bata bestearen osagarri.
Areto honetan, eguzki-sistema atzean utzi eta unibertso ezagunaren mugetan barneratuko gara. Bisita erlojuaren orratzen noranzkoan egitea gomendatzen da, lurreko jarraibideen arabera.
Lehenik eta behin, bi panelek, ikus-entzunezko batek eta arte-instalazio batek aukera emango digute DIPC-ren ikerketa-taldeak ezagutzeko, hain zuzen ere, unibertsoko enigma handienak aztertzen dituztenak: materia eta energia ilunak, eta neutrino izeneko partikula ikusezin eta enigmatikoa.
Aretoaren erdian, zulo beltz baten barrualdera begiratu ahal izango dugu, materia, eta argia bera ere, betiko harrapatzen dituzten espazio-eremu misteriotsu horiek nola sortzen diren jakiteko.
Ibilbideko azken zatian, zeru izartsu batean barrena paseatuko gara asterismoak eta konstelazioak hobeto ulertzeko.